XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jakina da Goiko Zikloan hasten dela ikaslea PENTSAMENDU ABSTRAKTOA garatzen.

Aldi honetan hain zehatzak ez diren kontzeptuekin lan egin dezake, nahiz eta eguneroko errealitatea eta Naturan ematen diren fenomenoak behatzea funtsezkoa izan oraindik ere.

Behatze hori ordea, ez da orain lehen bezain ZUZENA eta bere mugak asko zabaldu dira, horregatik, jite eta funtzio diferentetako tresnak erabili eta fenomenoak berregin beharrean aurkitzen gara, horiek hobeto aztertu ahal izateko.

Arrazoi hauek direla medio, ESKOLAKO LABORATEGIAK garrantzi haundia hartzen du Goiko Ziklo honetako ikaslearentzat, gogoan izan behar bait da Erdiko Zikloan oso gutxi erabili zuela edota horren ordez ZIENTZIEN ZOKOA zeukala ikasgelan bertan.

Orain laborategia lanak eta esperientziak egiteko tokia bihurtu da, hala ere, zenbaitetan, esperientzia batzuk hala eskatzen dutelako, laborategiaz kanpo ere egin beharko du lana, gero atzera etorri eta hor bere probak eta esperientzien aldagaiak egiteko.

ESKOLAKO LABORATEGIA. Orain dela gutxi arte ESKOLAKO LABORATEGIA baztertu samarra egon da gure eskoletan.

Ia eskola denetan zeukaten izen hori ematen zitzaion gelaren bat, baina horrek ez zuen izenik ere merezi, hain zen zabarra eta desegokia.

Denek zekiten hor zegoela, baina oso irakasle gutxi ausartzen zen helburu didaktikoez erabiltzera.

Irakasleek ez zioten batere jaramonik egiten eta Zientzietako klaseak ezagutza teorikoak ematera mugatzen ziren eta gero horiek ez zuten jarraipen praktikorik.

Ausartenak bakarrik arriskatzen ziren laborategia erabiltzera, baina beti ere pasaran bezala eta ikasleei muga eta debeku andana jarriz eta horrek teoria eta praktikaren arteko distantzia are gehiago zabaltzen zuen.

Ondorioz, ikasleak ez zuen parte hartzen esperientzian eta anekdota hutsarekin geratzen zen ezinbestean.

Urteen joanean, laborategia ahaztuta eta leku hotz eta kiratsu bihurtuta geratzen zen.

Gela hartan tramankulu mordo bat zegoen pilatuta laneko mahaietan eta inork ez zekien zertarako ziren hango tresnak.

Zientzia Fisiko-Naturaletako irakaskuntzari METODO ESPERIMENTALA aplikatzean, laborategiak bizitza izan behar du eta irakaskuntza barnean dagokion lekua hartu.

Esan dugun bezala, irakaslearen eta ikasleen lantokia izan behar du O.H.O.ko Goiko Zikloan.

Aurreko Zikloetan oso gutxi edo batere erabili ez duelako, ikasleak mundu berri bat aurkituko du, posibilitate mugagabeak eskainiko dizkiona.

Egin behar dugun estraineko gauza ikaslea mundu berri honekin harremanetan jartzea da eta bere esperientziak era zuzen eta egokian egiteko behar izango dituen halako teknika batzuk erakustea.

Gela honen barnean egingo diren lanetan ordenak duen garrantziaz jaberazi beharko zaio eta tresnak ezagutzen eta erabiltzen, garbitzen eta ondo kontserbatzen erakutsi.

Azkenik zein produktu den toxiko eta arriskutsu jakin behar du.

Hori dena ikasten duenean, programazio askotan ahaztuta geratzen diren halako balore garrantzitsu batzu hartuko ditu ikasleak (ordena, txukuntasuna, errespontsabilitatea, metodoa, errespetoa, etab...) eta helburu horiek funtsezkoak dira ikaslea Zientziaren munduan sartzera doanean.

KOKALEKUA ETA EZAUGARRIAK. Komeni da ESKOLAKO LABORATEGIA sarrera erraza eta egokia izango duen lekuren batean egotea, bestela, ikasleak atzera eta aurrera etengabe ibiltzean, Ikastetxe barneko ordena eta antolakuntza nahastu eta urra daiteke.

Agiriko arrazoiengatik, gainera, irteera erosoa izan beharko du.

Bestalde nahikoa da eta gure ustez egokiagoa gainera, laborategi bakar bat izatea gai eta arlo guztientzat (Fisika, Kimika, Biologia, etab...), Naturan gertakari eta ekintzak ez bait dira isolatuak eta bakoitza bere aldetik jazotzen, baizik eta elkarren menpean, (...).